XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JUANA BIXENTAREN GANBARA

Aste larria izan da joan den hau gure lurralde hauetan.

Hainbeste gauza gertatu dira, hainbeste zurrumurru entzun dira, kanpotik etorritako edozeinek hemen gauza asko aldatu direla pentsatuko luke.

Baina lasai, Herri Batasunekoek esaten duten bezala, hemen ez da ezer aldatu, zakur guztiek toki berean lepoan dituzte koilareak, mundu guztiak zekien orain dela aspalditik Garaikoetxea izango genuela lehendakari, eta gauzak aldatuko zirela baina udaberria beti bezain majo, indartsu eta argi etorri zaigu, ai, Euskal Herriko udaberriak!, hondartzara joaten hasi behar dut olatuek betiko martxa bai daramate, liburu bat hartuko dut eta ez dut irakurri beharko atzekoz aurrera liburuak ere beti bezala egiten jarraitzen baitira, bikinia jantziko dut eta lerde batzuk eroriko dira, beti bezela, Kontxako barandilatik, hemen ez baita ezer aldatu, pazientzi falta haunditzen ari dela ez bada, hemen ez baita ezer aldatu juramentuen ugaritasuna ez bada, hemen ezer ez baita aldatu pinu gehiago ez bada, hemen ezer ez baita aldatu.

Hala ere, pazientzia eskatzen digute guk hautatutakoek.

Eta boto hori eman genienez, eman diezaiegun baita ere botoak berea zuen pazientzia.

Horretaraino, bale!

Hortik aurrera sálvese quien pueda eta Leirerako sarrerak eskatu beharko ditugu.

Monje nere kasoan monja izateko noski.